XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Augusto Schleicher, bere lehen idazlanetan Hegelen jarraitzaile eta ikasle agertzen dena, darwinista bihurtu zen.

Darwinek berak naturalistaren ikuspuntu zorrotzetik zuen aztertua bere gaia; hala ere, haren metodo orokorra erraz egoki zekiekeen hizkuntz fenomenoei; alor honetan, hain zuzen ere, urratu gabeko bidea ireki zuela dirudi.

Bere The Expression of the Emotions in Man and Animals idazkian erakutsia zuen soinu edo ekintza adierazgarriak premia biologiko jakinen agindupean daudela eta arau biologiko zehatzen arabera erabiltzen direla.

Ikuspegi horretatik begiratuta, hizkuntzaren jatorriari buruzko aspaldiko enigma modu guztiz enpiriko eta zientifikoz azter daiteke.

Ordutik aurrera giza hizkuntza ez zen estatu barruko beste estaturen bat; guztien dohain natural bihurtua zen.

Bazen artean, ordea, zailtasun oinarrizkorik.

Hizkuntzaren jatorriaren teoria biologikoaren sortzaileek ez zuten basoa ikusi, bertako arbolek eragotzita.

Interjekziotik mintzairara zuzeneko urratsa dagoela uste izan zuten.

Baina printzipio-eskabidea jartzea (to beg the question) besterik ez da hori, ez auzia argitzea.

Giza hizkuntzaren egitura bera zegoen esplikazio eske, ez hizkuntzaren izate hutsa.

Egitura hori aztertzeak nabarmen uzten du hizkera emozionalaren eta proposizionalaren arteko alde funtsezkoa.

Bi tipo horiek ez dira maila berekoak.

Biak genetikoki lotzerik balego ere, batetik besterako pasabideak logikoki metabasis eis allo genos, genero batetik bestera aldatzea izango litzateke beti.

Uste dudanez, ez dago teoria biologikorik bere hizkuntza logiko eta egiturazko hori alde batera uztea inoiz lortu duenik.

Ez daukagu inon egiaztabide psikologikorik, inolako animaliak hizkera proposizionala eta emozionala bereizten dituen muga inoiz gainditua duenik esateko.

Animaliaren hizkera deitzen dugun hori beti izan da guztiz subjektiboa; sentimenduen egoera ezberdinak adierazten ditu, baina ez ditu objektuak izendatzen edo deskribatzen.

Bestalde, ez dago egiaztabide historikorik,(...)